Nafarroan ingurumen zentsurarik EZ · GURELUR

GURELUR - Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural Manuel de Falla, 8
31005 Pamplona/Iruña
Tel.: 948 15 10 77 · 606 980 068
gurelur@bme.es

Diru asmorik gabeko erakundea
Fundazio urtea: 1991
Jarduera eremua: Nafarroa

Hosting por Dinahosting

Estás en: Inicio » Euskara » Ingurune gaiztakeriak » Nafarroan ingurumen zentsurarik EZ

Nafarroan ingurumen zentsurarik EZ

Nafarroako komunikabide gehienek zentsura egiten diote Gurelurri eta Nafarroako Gobernuaren mezulari hutsak dira.

80 eta 90eko hamarraldietan, Nafarroan izan genuen kazetaritzak zentsura handirik gabe tratatzen zituen ingurumenari buruzko arazoak, antzematen ahal zen bezala, nahiz eta, gertatu ohi bezala, beren jabeen ideologiaren eta ekonomikoaren mende zeuden. Horietariko gehienek jasotzen zituzten talde ekologistetako kideok jartzen genituen salaketak, bi arrazoirengatik eginak: alde batetik, ingurumenari eraso egiten zioten proiektu ugari zeudelako, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuko ingurumen departamentuek eginiko kudeaketa eutsiezina zelako, bai naturaren alorrean, bai Nafarroako aurrekontu orokorren bidez zergadunek naturaren babesera bideratzen dugun sosaren kudeaketan.
 
Garai hartan Nafarroako komunikabideek gure Erkidegoari eragiten zioten ingurumeneko gaiekin interes eta askatasun handia erakusten zituztenez, kazetari asko agertzen ziren prentsaurrekoetan edo ekintza ekologista guztietan. Horren haritik, Ingurumen Departamentua eta salaturiko enpresak edo entitateak haserretzen ziren.
 
Jakina denez, komunikabideak funtsezko tresna dira ingurumena babesteko. Izan ere, herritarrei informazioa ematen badiete proiektu erasokorrak eta ingurumen administrazioaren kudeaketa okerra zertan diren jakiteko, gizarte kontzientzia sortzen da, eta, ondorioz, kontzientzia horrek politikariak behartzen ditu salaturiko ingurumen erasoak konpontzera.
 
Laurogeita hamarreko hamarraldian, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak ez zuen natura babesteko inolako esku-hartzerik abiatzen, eta, gainera, naturan eraikitzeko edozein jarduketari ematen zion baimena, legezko alderdiak eta ingurumenaren iraunkortasuna bazterrean uzten ote zituen kontuan hartu gabe. Hori dela eta, Nafarroako Gobernua jazarria sentitzen zen, ingurumenari egindako erasoak salatzen zituzten berriak etengabe agertzen baitziren egunkari, telebista eta irratietan. Ingurumen Departamentuko kontseilari bat baino gehiago kexu agertu zen jendaurrean, ekologistok politikariek baino sinesgarritasun handiagoa genuela esateko. Izan ere, horixe zen haien kezkarik handiena, eta ez, aitzitik, guztion natur baliabideak behar bezala kudeatzea eta beren lana betetzea, hau da, Nafarroako ingurumena modu egokian kudeatzea, eta, horretarako, zeregin hori arautzen duen legedia betetzea.
 
Komunikabideek salaketa eta mezu ekologistak jaso zitzatela galarazteko, ingurumeneko titularra Marcotegui jauna eta kabinete burua Belarra jauna zirelarik, komunikabideak kontrolatzeko kanpaina bat abiatu zuen Nafarroako Gobernuak. Gaur egun gertatzen ari dena ikusirik, politikari horiek uste zutena baino arrakasta handiagoa izan du kanpaina horrek.
 
Hainbat komunikabidetako erredaktore buru eta kazetari ospetsu batzuk, gaia hartzen ari zen tamainaz kezkaturik, ingurumeneko arduradunek beren nagusiekin zituzten bileren berri eman ziguten, horiek estutzeko eginak zirela esanez. Hain zuzen ere, horren xedea zen Gurelur eta bere lanak eta salaketak komunikabideetan berriz ere ez agertzea.
 
Gaur egun, komunikabide gehienek egin diote men Nafarroako Gobernuak ezarri duen zentsurari, eta, horren truke, diru laguntzak, publizitatea, publizitate-erreportajeak, etab. jaso dituzte. Zabaltzen ditugun prentsa-oharrak, salaketak, ingurumen alorreko jarduerak eta geure izate bera ere desagertu dira komunikabideetatik, kazetaritzako profesionalen lotsa eta ahalkerako. Kazetari horiek administrazioen mezulari hutsak dira gaur egun, eta ingurumenaren gaineko gezurrak barreiatzen dituzte, Ingurumen Departamentuko arduradun suntsitzaileek asmatuak.
 
Kazetaritza kontrolatuaren alorreko komunikabide horiek lotsagabekeria handiz betetzen ari dira gobernuaren agindua, eta salaketa ekologistak isiltzeaz gainera, gure beste ekimen batzuen egote bera ere zentsuratzera heldu dira: ingurumen heziketako gure 3 zentroak eta Nafarroan aurrendari diren Gurelurren kanpaina kontserbazionistak, hots, Mirotz Proiektua eta Amiamoko Kanpaina, besteak beste.
 
Kazetaritzak aitzinaturik, ingurumena eta horren defentsaren alde ari garenok pairatzen ari garen zentsuran, bi komunikabide idatzi nabarmendu dira: DIARIO DE NAVARRA eta DIARIO DE NOTICIAS. Lehenak egindako zentsura ez da harritzekoa, gaur egun gure Erkidegoan prentsa askatasunaren egoera nolakoa den jakiten bada, bederen. Hori bai, harritzekoa izan zen zinez —eta iraganean mintzo gara—, Diario de Noticias egunkariak egin zuen zentsura basatia, nahiz eta komunikabide anitza dela nonahi esaten duen. Diario de Noticias-ek eskuinetik gainezkatu du Diario de Navarra, lotsa izpirik ere erakutsi gabe. Jendaurrean agertzen duen lelo borobilak: “Irakurtzen duzuna zara”, bestelako itzulpena beharko luke: “Ordaintzen dizutena zara”. Arestian esan dugun bezala, Nafarroako irrati eta telebista gehienek gisa bereko zentsura egiten dute: Bekatuak berak ezartzen die penitentzia.
 
Egoera horrengatik, Nafarroako ingurumena gaitz latzak pairatzen ari da. Administrazio kaskarrak eta Nafarroako natura suntsitzen duten enpresak irriz ari dira gure salaketen lepotik, hemengo komunikabideetan agertuko ez direnez, beren gaiztakeriak ezkutuan geldituko direla zinez baitakite.
 
Zentsura horrek beste ondorio bat dakar. Ingurumen Departamentua eta kutsatzen duten beste enpresa batzuk ziria sartzen ari zaie herritarrei, ingurumenean ez dela deus gertatzen esanez. Horretarako, hainbat biologok, "ekologistak" eta natur zientzietako elkartek laguntzen diote, eta, horren truke, diru laguntzak jasotzen dituzte beren jardueretarako, besteak beste: jardunaldi batzuk, hegaztien erroldak eta nahierara emandako lanak beren enpresetan (“Viveros y Repoblaciones” eta CRANA). Egoera horren aurrean, webgunea da gure komunikabide bakarra, eta, horrekin batera, gure argitalpenak eta Nafarroako gizartearekin zuzenean komunikatzeko egiten ditugun ekitaldiak. Herritarren laguntza behar dugu, Nafarroako komunikabideak egiten ari diren zentsura gaitzesgarria zabaltzeko.  Era berean, zeregin horretan ahaleginduko gara gu, eta, horretarako, salaketa ekitaldiak eginen ditugu jendaurrean.

ZENTSURARIK EZ!

Zirkularra - Gurelurren Aldizkaria - Eraztuntze ikastaroa udazkena/negua - Mapa Web - Diseñador Web Diseño web profesional